2011/10/19

"Oso larria iruditzen zaigu estatuek arerio politikoaren kontra atxiloketak, epaiketak eta kartzela erabiltzen segitzea"

Eleak mugimenduaren aldetik helarazi nahi dugun mezua da epaiketa hau askatasun eta eskubide zibilen kontrako beste epaiketa bat dela, bederatzi pertsonari zigorra ezarri nahi zaielako talde armatuko kide izateagatik, jarduera politikoak betetzeko akusazioarekin.
Gauza bera esan dezakegu Josu Esparzaren kontrako bi euroaginduez, amnistiaren aldeko mugimenduan eledun gisa egindako lanagatik kartzelaratu nahi dutelako.
Oso larria iruditzen zaigu estatuek arerio politikoaren kontra atxiloketak, epaiketak eta kartzela erabiltzen segitzea. Iraganeko argazkiak dira, ehunka pertsonarengan, ehunka familiarengan oraindik ere mina eragiten dutenak, eta bertan behera uzteko eskatu behar diegu, militante politikoen kontrako prozesu guztiak geldiarazi, eta haien ondorioz espetxeratutako guztiak aska ditzatela.
Helburu hori lortzeko, Eleak erakundeak dei berezia egiten dio gizarte osoari indarrak batzeko eta kalean gure eskakizuna adierazteko: pertsona guztiek izan dezatela eskubidea eta askatasuna politika egiteko.
Zehazki, gure sostengua adierazten diegu datozen egunetan Barañainen, Arbizun, Zizurren, Iturraman eta Txantrean eginen diren mobilizazioei, Eleak-en sostengua eta Iruñean urriaren lehenean egin zen manifestazioaren alde egin zutenen sostengua. Eta deialdi horretan parte hartu zuten milaka lagunei deitzen diegu oraingoan auziperatutakoen herrietara joan daitezen protesta egitera.
Lehenbiziko hiru mobilizazioak azaroaren 2tik aurrera epaituko dituzten pertsonei elkartasuna adierazteko dira:
- Barañainen –hangoak dira epaiketa honetan auziperatutako bederatzi pertsonetatik bost–, urriaren 28an izanen da manifestazioa, ostirala, arratseko 7etan. Eta aurreko egunea, arratseko 7etan ere, Barañaingo Auditorioan “Udaberria zerrailaren beste aldean” izeneko dokumentala aurkeztuko da, Barañaingo gazteek azken urteotan jasandako jazarpenari buruzko lana hain zuzen.
- Arbizun, Maitane Intxaurragaren herrian, urriaren 29an izanen da manifestazioa, larunbata, arratseko 8etan, Arbizuko plazatik aterata.
- Urriaren 30ean, igandea, beste manifestazio bat eginen da, Txantrean azkeneko hau, Josu Esparzaren entregaren eta kartzelatzearen kontra. 17:30etik aterako da Sabicas plazatik.
- Iturraman, azaroaren 3an, 8.30etan, bere auzokidea den Aritz Azkonari sostengua emateko giza kate bat antolatu dute Ezkirotz eta Iturrama kaleetako biribilgunean.
- Azkenik, azaroaren 4an, ostirala, manifestazio bat deitu dute Zizurren, Maider Caminos auziperatua bertakoa baita.
Heldu den astean, manifestazio hauek eta herrietan jasotako sostenguak aurkeztuko ditugu, prentsaurreko bana eginez Arbizun, Barañainen eta Txantrean.
Bestetik, aditzera eman nahi dizuegu 300 bat lagunek hartu zutela parte lehengoan, Basaburuan, Amaia Legarrari elkartasuna adierazteko manifestazioan.
Bukatzeko, prentsaurreko honen ondoren, herri hauetako alkate eta zinegotziekin elkartuko gara udal hauetan aurkeztu beharreko mozioak prestatzeko. Bilera horien berri bihar emanen dizuegu, prentsa-ohar baten bidez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.