2011/10/05

“Eleak” mugimenduak datozen epaiketetarako indarrak biltzen segitzeko deia egiten du

“Eleak” eskubide zibilen aldeko mugimenduak zorionak ematen dizkie joan zen larunbateko manifestazioan parte hartu zuten milaka lagunei, Iruñean agerikoa gelditzen baitzen askatasun politikoen eta eskubide zibilen aldeko apustua.
Mugimenduak eskerrak ematen ditu azken asteetan jasotako sostenguengatik, norbanakoarenak izan edo taldeenak, eta iragarri nahi du manifestazio hau eskubide zibilen aldeko dinamika etengabe baten hasiera besterik ez dela, jazarpen politikoa eta ilegalizazioak ezaugarri dituen egoera hau iraultzeko asmoz.
Azaroaren 2an, 3an eta 4an, adibidez, bederatzi nafar epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean, oraingoan, Segi-ko edo Ekin-eko kide izateaz akusatuta.
Hauek dira auziperatuak: Alberto López Iborra (Barañain), Aritz Azkona Domínguez (Iturrama), Mikel Jiménez Martín (Barañain), Luis Goñi Lara (Barañain), Xabier Sagardoy Lana (Barañain), Maider Caminos Miranda (Zizur), Maitane Intxaurraga Uribarri (Arbizu), Noe López Albizu (Barañain) eta Amaia Legarra Beunza (Basaburua).
Haietatik, lehenbiziko seiak kartzelan daude, eta, epaiketaren ondoren sar litezke gainerakoak. Haiek denak 2008ko abuztuan atxilotu zituzten, eta gehienek, inkomunikazioaldia pasatuta, torturak salatu zituzten. Fiskalak zortzi urteko kartzela-zigorra eskatzen du bakoitzarentzat (10 urtekoa Maider Caminos-en kasuan), “banda terroristako kide izateagatik”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.