2013/07/19

Uztailaren 27an, "Harriz Harri, Herriz Herri #HerriHarresia eraikitzen" nazio ekitaldia burutuko da Amaiurren


Zabaldu ekitaldirako kartela
Harriz harri, herriz herri, auzipetuen babeserako Herri Harresiaren eraikuntzan pausuak ematen jarraitzen dugu. Denboran zehar eraikuntza lanen epizentroa eta harrien formak aldatzen joan dira.

2011ko abenduan Gasteizen piztu zen herri-lana eta Matrioska itxura hartu zuten harriek, Ekaitz Samaniego eta beste guztiak babesteko; 2012ko ekainean Bilboko San Inazion, adreiluak alarma gorrian eraldatuta, Gaizka Astorkiza eta beste guztien defentsan; urte hasieran Oreretan, Arkaitz, Maitane, Xabier, Aitor eta beste guztiei zabaltzen zitzaizkien ate formadun harriekin; 2013ko apirilean Donostian, Ekaitz, Nahikari, Imanol, Zola, Lorente, Arretxe, Ezkerra, Adur, Egoi eta beste guztien defentsan, pertsona bakoitza harri bihurtuta; ondarrutarrek zubia eraiki zuten jarraian, Urtza eta beste guztiak aterpetuz.

Gaur Iruñerrian dugu epizentroa. Auzolana eta autoantolakuntza oinarri eta bere sendotasunari esker eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoak antzu bilakatu behar dituena.


Ez da nahikoa ordea, epaitegietatik oldarraldi berriak baitatozkigu epe laburrean. Maider, Aritz, Luis, Mikel eta Xapo auzipetuen inguruko Gorenaren ebazpena heltzear da, irailaren 14an hasiko da Deustuko grebalarien kontrako epaiketa, urrian, Madrilen, 35/02 makroprozedura eta baita 40 gazteen aurkakoa. Epaitegietan eta epaitegietatik kanpo ere, Estatuek eta tokiko administrazioek, arduradun politikoek eta polizia ezberdinek salbuespen logikan sakontzen jarraitzen dute. Eskubide sozial eta politikoak murrizten dituzten neurri berean hauen kontra jaiotzen diren herri adierazpen ezberdinak kriminalizatu eta zigortzen dituzte. San Ferminetako txupinazoaren harira gertatutako atxiloketak azken erakusgarria besterik ez dira. Horregatik, epizentroak biderkatu eta eraikuntza lanen intentsitatea handitu behar dugu.

Uztailaren 27an, Amaiurren burutuko dugun ekitaldian, harri berri bat jartzera gonbidatuta dago legearen izenean gauzatzen diren bidegabekeria guzti hauen kontra harri koxkorrena ere jartzeko prest dagoen oro. Orain 500 urte birrindu zuten harresia berreraikiko dugu kantuz, hitzez, sentimenduz eta borrokarako grinaz. Harriz harri, herriz herri, eraiki dezagun Herri Harresia. Barrura begira beroa, maitekorra, inputatuak babestu eta besarkatuko dituena. Ekimen herritar berri eta handiagoen inkubategi bihurtzeko modukoa. Kanporantz sendo eta zulakaitza, bidea erasotzaileei behin betikoz itxiko diena.

Amaiurren ikusten gara!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.