2013/06/05

#HerriHarresia: Iruñerriko bost gazte auzipetuak espetxeratzeak gelditu arte

Berria.info: Iker Tubia Barañain
Nafarroako egoerari egokitutako herri harresia sortu nahi dute Iruñerrian, bost gazteren aurkako balizko sententziari aurre egiteko. Gizartea batu eta desobedientzia zibilean sakondu nahi dute auzipetutako gazteek.



Aritz Azkona, Luis Goñi, Xabier Sagardoi eta Maider Caminos kalean daude oraingoz, baina Mikel Jimenez espetxean dago beste auzi batengatik. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Harriz harri eraikitzen dira harresiak. Bata bestearen gainean, banaka. Herri harresiak ere horrela eraikitzen direla uste dute kartzelatzeko arriskuan diren lau lagunek. Maider Caminosek, Xabier Sagardoik, Aritz Azkonak eta Luis Goñik heldu diren asteetan izanen dute haien auziko sententziaren berri. Sei urteko kartzela zigorra jaso dute, eta Espainiako Auzitegi Goreneko bost magistratuk erabakiko dute epaia zuzenbideari egokitzen zaionetz. Mikel Jimenez auzi berean dago, baina espetxean da beste auzi batengatik. Sententzia atera arte, balizko kartzelatze baten aurrean zein erantzun eman aztertzen ari dira Iruñerriko hainbat herritarrekin batera. «Harresian harri txiki edo handi bat jarri behar dugu», azaldu du Caminosek.

Izan ere, herri harresia ez da soilik besotik helduta eusten dioten herritar multzo bat. Lau gazte horiek, behinik behin, ez dute hori uste. Caminosek azaldu duenez, herri harresia «marka» testuinguru oso jakinean sortu da, Ondarroa eta Donostiakoetan hain zuzen. Baina ekintza jakin bat izan beharrean, «filosofia» bat bezala azaldu dute. «Harresia ez da soilik epaiketen aurrean egiten, estatuek [Espainiakoak eta Frantziakoak] hartzen dituzten erabakiak herritarrentzat zilegi ez badira, ematen den erantzuna edo desobedientzia da», esan du Azkonak. Erantzun hori ezberdina izan daiteke tokiaren eta egoeraren arabera, baina beti ere desobedientzia zibilaren bidetik. Caminosek uste du hamaika ekintza egin daitezkeela, helburu berarekin: «Desobedientzian sakontzea».

Harresi horren aurrekariak dira Ekaitz Samaniegoren atxiloketa Gasteizen, Aurore Martin babesteko ekintzak Iparraldean, eta Donostiako zein Ondarroako atxiloketak. Helburua, beti ere, ahalik eta jende gehien biltzea da, Caminosen esanetan. «Filosofia horri heldu behar diogu: erasoen aurrean ahalik eta modu zabalenean, ahalik eta jende gehien batzeko moduan gure harritxoa jartzea». Gainera, edozein egoera salatzeko balio dezakeen filosofia da. Lan munduan ere erabili dute berriki, Irurtzunen (Nafarroa) hain zuzen. Inasa lantegitik makinak eraman ez zitzaten langile harresiak egin dituzte azken asteotan.

Ezker abertzaleak desobedientzia zibilaren aldeko apustua egin du, eta auzipetuek ere bat egin dute estrategia horrekin. «Salbuespen neurrien aurrean, estatuak [Espainiakoak] bere biolentzia aktibatzen duenean, herriak bere burua defendatzeko tresnak bilatu behar ditu, eta desobedientzia tresna bat da», azaldu du Caminosek. Are gehiago, haren ustez, «tresnarik eraginkorrena» da gaur egungo testuinguru soziopolitikoan. Hala ere, jende anitz behar da helburuak lortzeko, horregatik, herritarrak biltzea dute helburu. Auzipetuek uste dute Espainiako Gobernuak ez duela mugitzeko asmorik, eta mugiarazi egin nahi dute. «Espainiako Gobernua egoera honetan oso eroso dago, beraz, buelta eman behar diogu estatua [Espainiakoa] hau konpontzera eser dadin», adierazi du Sagardoik. Goñik helburua azaldu du: «Gure bidea egiten hasiko garela erabaki dugu, pentsatuz estatuari egoera jasanezin eginen zaiola. Horretarako, ahalik eta jendea gehien bildu behar dugu gure inguruan». Haren aburuz, Espainiako Gobernuak ezinen dio ezetzik esan «gehiengo zabal bati».

Helburua argi zuten Donostian eta Ondarroan emandako erantzunetan, eta, emaitzak ikusirik, filosofiarekin «asmatu» dutela dio Goñik. Caminosen aburuz, «oso esperientzia aberasgarria» izan da bi herri horietan gertatutakoa. Goñik aitortu du «barrenak mugitu» zitzaizkiola. «Babes hori ikusteak indarra ematen du, gauza asko egin daitezkeela ikusi baitugu». Euskal Herrian desobedientzia zibilak emaitzak izan dituela diote auzipetuek, eta intsumisoen mugimendua jarri dute horren adibide.

«Nafar erara»

Erantzuna antolatzerakoan testuinguruari erreparatzea ezinbestekoa dela uste dute. Horregatik, herri harresia nafartu egin nahi dute, «nafar erara» prestatu. Lan horretan dabiltza orain, Iruñerrian erantzunak zein forma hartuko duen erabakitzen, alegia. Maiatzaren 23an Txantrean bilera bat egin zuten hausnarketa prozesu horri ekiteko, eta atzo Iruñeko Alde Zaharrean bildu ziren eskualdeko hainbat herritarrekin batera, erantzuna zehaztu eta taldeetan banatzeko. «Iruñerrian beste egoera bat dugu, beste errealitate bat, baina ez dakit hobea edo okerragoa den, Nafarroan gauza askotarako ditugun zailtasunengatik aitzindari izan baikara», dio Caminosek. Gizartean lan egiteko «gogoa» badela uste du, eta «aukera asko» daudela erantzuna emateko.

Orain arte egindakoa fruituak ematen ari dela uste dute lau gazte nafarrek. Geroz eta jende gehiago biltzen ari da herri harresiaren inguruan, Caminosen esanetan, eta emaitzak lortzeko desobedientzia «askok» egin behar dutelako ustea du. Ondarroan eta Donostian puntu eta aparte egin dela dio Goñik: «Orain arte ikusten genuen jendea kartzelan sartzen zutela, epaiketekin jarraitzen zuten eta kristoren zigorrak ezartzen zituzten, eta ez zen deus pasatzen, ez zegoen dinamika bat martxan horri aurre egiteko». Arrakasta hori neurtzeko, beste datu bat eman du Goñik: Ertzaintzak sententzien berri aldez aurretik emateko eskatu omen dio Espainiako Auzitegi Nazionalari, kondenatuak lehenago atxilotu eta aske guneak ekiditeko.

Hala ere, bidea oraindik luzea dela aitortu dute. «Bidea egiten goaz, geroz eta gorago. Bidea egiten goazen heinean urratsak egiten ari dira etorkizun —espero dugu— gertu batean epaiketak etengo diren momentua iristeko». Harriak jarri egin dira, eta harresia handitzea da helburua, harri gehiago jartzea. «Herri harresia gaurdanik hasten da, gu kartzelan ez sartzeko bakoitza zer emateko prest dagoen ikusten, baina baita epaiketaren esperoan direnak epaitu ez ditzaten ere», esan du Goñik. Herritarrengan «konfiantza» dutela nabarmendu dute, eta baikor daude Iruñerrian emanen den erantzuna dela eta. Azkona itxaropentsu mintzatu da, nahiz eta emaitza gazi-gozoa izan daitekeen: «Errealistak izanda, badakigu agian ez dugula lortuko gure epaiketa gelditzea, baina behintzat beste harritxo bat jarri behar dugu estatuei horrelako atxiloketak aurrera eramatea zailago egiteko».
Auzipetutako gazteak
MIKEL JIMENEZ
Adina. 29 urte.
Sorlekua. Barañain.
Egoera. Segiko kide izatea egotzita, sei urteko kartzela zigorra jarri zioten. Ez zuen inkomunikazio aldirik pasatu, eta ez zuen tratu txarrik salatu. Gaur egun espetxean dago beste auzi batengatik.

ARITZ AZKONA
Adina. 27 urte.
Sorlekua. Iturrama (Iruñea).
Egoera. Segikoa izatea leporatuta, sei urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Baldintzapeko askatasunean dago, eta astero, astelehen eta ostegunean, epaitegira joan behar du sinatzera.
«Jende gehiago sartu beharrean, espetxeak hustutzeko garaia da. Herriarengan konfiantza dugu, eta, eguna iristen denean, egoeraren neurriko erantzuna emanen da»

XABIER SAGARDOI
Adina. 27 urte.
Sorlekua. Barañain.
Egoera. Guardia Zibilak atxilotu zuen Lizarrako Merindadean. Bost egunez izan zuten inkomunikaturik, eta tratu txarrak salatu zituen. Joan den astean atera zen kalera, beste auzi bateko kondena bete ondoren.
«Orain arte Auzitegi Nazionaletik oharra jasotzen zenuen, eta kartzelan sartzen zinen nahi zenuenean. Baina ailegatu gara egoera batera non ezetz esan diogun estatuari»

LUIS GOÑI

Adina. 29 urte.
Sorlekua. Barañain.
Egoera. Guardia Zibilak atxilotu eta torturatu egin zuela salatu zuen. Bost egunez egon zen inkomunikaturik. Sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten Segiko kide izatea leporaturik. Astero doa epaitegira sinatzera.
«Bide hau hasi zuten gazteei eskerrak eman beharrean nago. Puntu eta aparte egiten jakin izan dute, eta bidearekin asmatu dutela uste dut. Lekukoa hartzeko prest gaude» 
 
MAIDER CAMINOS
Adina. 36 urte.
Sorlekua. Gernika.
Egoera. Astrainen (Nafarroa) atxilotu zuen Guardia ZIbilak. Torturak salatu zituen. Ekineko kide izatea leporatuta, sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Baldintzapeko askatasunean dago orain.

«Ahalik eta jende gehien aktibatzea izan behar du helburua, horrelako kasu gehiago ez izateko: epaiketak bertan behera geratzeko eta sententzia gehiago ez kaleratzeko»
Lantaldeak antolatu eta eman beharreko erantzuna zehazteko bildu dira Iruñean
Ekin eta Segiko kide izatea leporatuta, sei urteko zigorra jaso dute gazteek; helegiteak atzeratu du kartzelatzea

Maider Caminos, Xabier Sagardoi, Luis Goñi, Mikel Jimenez eta Aritz Azkona epaileen erabakiaren zain daude. 2012ko ekainaren 14an sei urteko kartzela zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak, Ekineko eta Segiko kide izatea egotzita. Akusatuek helegitea jarri zuten, eta epaileek zer erabakiko zain daude denak. Bien bitartean, balizko epaiari emanen dioten erantzuna prestatzen ari dira kalean daudenak —Jimenez kartzelan dago beste auzi batengatik—. Maiatzaren 23an egin zuten aurreneko bilera, eta atzo, bigarrena.

Iruñeko Zabaldi elkartean 60 herritar inguru bildu ziren. Goñik azaldu duenez, «arrakastatsua» izan da bilkura, eta «izugarrizko babesa» jaso dutela esan du. Hiru talde sortu dituzte, komunikazio estrategiak, harremanak eta ekintzak zehazten hasteko, eta orain, lantalde bakoitzak bere bilerak antolatuko ditu. Aurki mobilizazioren bat eginen dutela ere aurreikusi du Goñik.

2008ko abuztuan hasi zen prozesu judiziala. Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz, polizia operazio bat egin zuten Iruñerrian, eta Guardia Zibilak zazpi lagun atxilotu zituen: Xabier Sagardoi, Luis Goñi, Alberto Lopez , Maider Caminos, Amaia Legarra eta Noe Lopez. Azkenen biak kalera atera ziren, hainbat baldintzarekin, eta gainontzekoak kartzelatu egin zituzten epailearen aurretik pasa ondoren. Batzuei «tortura ekiditeko protokoloa» ezarri arren, torturak eta tratu txarrak salatu zituzten guztiek.

Azkona eta Jimenez ez zituzten etxean topatu, eta, haien burua epailearen aurrean aurkezteko prestasuna agertu arren, urrian Auzitegi Nazionaleko atarian atxilotu egin zituzten kaleko jantzitako bi guardia zibilek. Epaileari deklaratzeko hitzordua eskatu zioten biek, baina ez zien ordurik eman, auzitegian agertzeko baizik ez zien esan. Ordurako Espainiako Barne Ministerioak «gehien bilatutako terroristen» zerrendan sartu zituen, ETAko kideak zirela esanez. Segiko kide izateaz gainera, kale erasoetan parte hartzea leporatu zieten biei, eta kartzelara bidali. Caminosek horrela azaldu zuen polizia etxean jasandako tratua: «Madrilera eramateko gogoa zutela esaten zidaten hasieratik guardia zibilek; han nirekin ondo pasatuko zutela, eta lehertu egingo nindutela». Auzipetuek torturak salatu zituzten epailearen aurrean.

Azken erabakiaren zain

Kartzelan hiru urte eman ondoren, Azkona, Goñi, Lopez eta Caminos askatu egin zituzten 2011ko abenduan, eta preso jarraitu zuten Sagardoik eta Jimenezek beste auzi batzuengatik. Epaiketa 2012ko ekainean izan zuten, eta sei urteko kartzela zigorra ezarri zieten Goñi, Sagardoi, Azkona, Jimenez eta Caminosi. «Talde terroristako» kide izatea leporatu zieten, Ekin eta Segiko kide zirelakoan. Inkomunikazio aldian egindako deklarazioetan oinarritu ziren Javier Gomez Bermudez buru zuen aurreneko zigor salako epaimahaiak, nahiz eta auzipetuek torturapean egin zituztela salatu. Ez zieten sinesgarritasunik aitortu, torturak frogatu gabe zeudela esan zuten.

Guardia Zibilen esku zirela egindako deklarazioez gainera, auzipetuen etxeen miaketetan aurkitutako materiala erabili zuten gazteen aurkako froga gisa: hainbat eragileren kamisetak, itsasgarriak, DVDak, egutegiak, zapiak, boletoak... Zigortutako gazteek salatu zuten epaia «aldez aurretik idatzia» zegoela, eta helegitea paratu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean.

Orain auzi saioaren esperoan dira. Maiatzaren 28an egitekoa zen, baina luzatu egin da. Auzi saioaren ondotik bi aste edo hilabete pasa daiteke sententzia publikatu arte. Erruduntzat joko balituzte, kondenatuek hamar eguneko epea izanen lukete espetxera joateko. Hala ere, badira salbuespenak. Epaileak atxilotzeko agindua eman diezaioke Poliziari sententzia publikatu aurretik. Egoera hori ez dute baztertzen, orain arte eman diren erantzunak kontuan izanda. Atzera kontua martxan da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.