2011/09/07

Prentsaurrekoa: 2011-09-07

“Eleak” Euskal Herriko Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduak aditzera eman nahi du askatasun politikoen kontrako epaiketa baten aurrean gaudela berriz ere, hamaika lagun zigortu eta kartzelatu nahi dituztelako, nahiz eta egin dutena oinarrizko eskubideetako batez baliatzea besterik ez izan: politika egiteko eskubideaz. Hau ezin da inondik inora justifikatu.
Bakera eta gatazkaren konponbidera ailegatzeko aukerak sortzen ari diren honetan, estatuek arerio politikoaren kontrako errepresioaren eta kartzelaren aldeko apustu garbia egiten jarraitzea oso larria iruditzen zaigu.
Bateraguneren epaiketan bezala, edo uztailean Gipuzkoako 16 gazteren kontrakoan bezala, edo atzoko atxiloketa eta inputazioak bezala, epaiketa hau erretratu zahar bat da, aurreko garaira eraman nahi gaituena, hots, ilegalizazioaren eta ideien jazarpenaren garaira, nahiz eta euskal gizartearen gehiengoak kontrako bidea ibili nahi duen.
Zeren, argi eta garbi dago zein den herritar gehienen nahia: prozesu honek aurrera egitea, eszenatoki benetan demokratiko batera ailegatzea, inolako indarkeriarik gabe, eta herritar guztiak eskubide guztien jabe direla. Eta gehiengo horri dei egiten diogu bide honi atxikiz prozesua blindatzeko, herri mobilizazioaren bitartez prozesua blokeatzeko maniobrak indargabetzeko.
Euskal gizarteak behar adinako kemena eta indarra du deuseztatzeko bakera eta demokraziara eramanen gaituen bidea oztopatu, moteldu edo geldiarazi nahi duen edozein asmo. Eta Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduan konpromisoa hartua dugu bidea bultzatzeko eta gehiengoak sortzeko Euskal Herriko pertsona guzti-guztien eskubideak bermatu daitezen.
Helburu horrekin, prozesuarekin konprometitutako eragile sozial, sindikal eta politiko guztiei eta prozesu honekin konprometitutako lagun guztiei dei egiten diegu epaiketa honi erantzun bateratua emateko. “Eleak” mugimenduak kontaktu-erronda bat jarri dugu abian, Nafarroan urriaren 1ean askatasun politikoen eta eskubide zibilen aldeko manifestazio handi bat antolatzeko. Elkarretaratze plurala izanen da, eta, bertan, sentsibilitate desberdineko milaka lagun elkartuko gaitu eskakizun batek: eskubide guztiak guztientzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.