Badira bi hilabete 40 gazte independentistaren aurkako epaiketa hasi zela
Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Hasieratik gazteok argi genuen ezin
genuela epaiketa hau oharkabean eta borrokatu gabe utzi. Horregatik
erabaki genuen hainbat ekimen antolatzea: epaiketaren sustrai politikoa
gizarteratu eta justizia espainiarraren zilegitasun eza salatu,
torturatzaileak seinalatu, mobilizatu, desobedientzia tresnatzat hartuz.
Azken ildo honen barnean gutako lauk epailearen aurrean ez agertzea
erabaki genuen. Ezkutatu egin ginen Estatuaren ankerkeria ikustarazteko.
Horretarako, gure herri eta hirietako egunerokotasunean parte hartu
nahi izan dugu. Horren adibide dira egin ditugun agerraldi ezberdinak.
Baina desobedientzia guztion ardura da. Auziperatu guztiona, eta
epaiketa politikoekin amaitu nahi badugu, gizarte osoarena ere bai.
Desobedientziak, errealitatea aldatzeko gai izango bada, masiboa eta
herrikoia izan beharra dauka. Ez gutxi batzuena soilik, ez adituen edo
gazteon kontua.
Horretarako bide bat zabaldu nahi dugu gazte auziperatuok Durangon,
abenduaren 8an. Igande horretako goiz eta eguerdi partean, Durangoko
kaleetan, tabernetan eta liburu eta disko azokako postuetan ibili nahi
dugu. Zuokin batera, Durangoko giro zoragarriaz gozatu nahi dugu. Baina
noski, ez dugu atxilotuak izan nahi, gure ekimena ez dugu amaitutzat
eman nahi oraindik. Polizia atzetik dugu ordea.
Gu mozorro desobedientearekin jantzita joango gara. Baina gu soilik
bagaude mozorrotuta, gureak egin du. Asko bagara ordea, haienak egin du.
Tresna hau Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzea zure esku ere
badago. Zenbat eta gehiago izan, zenbat eta gehiagok erabili tresna hau,
zenbat eta gehiagok sakondu desobedientzian, orduan eta gertuago
izango dugu Euskal Herri librea izango dugun eguna.
Desobedientziaz libre bizi nahi dugulako, zuen babesa eta
konplizitatea beharrezkoa dugu. Beraz, abenduaren 8an, eskuratu zure
kamiseta laranja, egin zure maskara laranja. Jantzi mozorro
desobedientea!
Aupa zuek!
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.