2013/09/24

#HerriHarresia: Urriak 5 manifestazio nazionala Iruñean "Desobedientziaz libre bizi" lemapean

Agerraldiko testua:
Hemen gauden pertsonak nafarrak eta desobeditzaileak gara. Derrigorrezko soldadutza egiteari uko egin genion; Itoizko urtegiaren eraikuntza gerarazten saiatu ginen; Abiadura Handiko Trenaren zentzugabekeriaren kontra gaude; emakumeak euren gorputz eta etorkizunaren jabe direla defendatzen dugu; ez dugu Espainiako Erreinuak inposatzen digun sinbologia onartzen; etxe hutsak biziz betetzen ditugu; porlanaren logikari aurre egiten diogu; informazio eskubidea lizentzia baten menpe ez dagoela uste dugu; euskaraz bizi gara legeak gaindituz; amalurra defendatzen dugu baratzak landuz; Nafarroan “Vascuence” deitzen duten horretan ikastea posiblea dela demostratzen dugu; presoen eskubideak eskubide direla defendatzen dugu; jai herrikoiak ito nahi dituzten ordenantzen gainetik jarraitzen dugu festak antolatzen; langileen eskubideak defendatzeko greba tresna eraginkorra dela uste dugu; gure lantegiak defendatzeko berme bakarra Lanaren indarra dela pentsatzen dugu; ez dugu gure etxeak utz ditzagun xantai finantzierorik onartzen…


Hemen gauden pertsonak idei eta ideilogia desberdinak ditugu, baina denok, momenturen batean edo bestean, aurre egin behar izan diogu lege, arau, agindu edo sententzia judizial injusturen bati.
Eta hau gertatzen denean, legeak injustuak direla alegia, desobedientzia zilegia da. Horrela izan da Historian zehar. Frantziar iraultzaileek legea urratu zuten; ipar-amerikako kolonoek legea urratu zuten; afroamerikarren eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak legea urratu zuen; apartheid-aren kontrako borrokalariek legea urratu zuen; Edward Snowden-ek legea urratu du; Tahrir plazako manifestariek legea urratu zuten; maiatzaren 15ean Plaza del Sol-en Hauteskunde Batzordeari muzin egin ziotenek legea urratu zuten.
Horiek guztiek legea urratu zute. Eta horrela, pertsona guztiei dagozkigun eskubideetan urratsak eman zituzten. Legea urratu justizia egiteko; emantzipazioa edukiz betez.
Xapo eta Luisen kondena injustua da. Eta ez da soilik injustua kondena bera, prozesu judizial osoa izan da injustua: inkomunikazio aldian jasotako tratua; behin behineko espetxealdia; akusazio bera…
Bederatzi pertsonek hasi zuten bide malkartsu hau. Haietatik zazpik behin behineko espetxealdia jasan zuten. Bostek behin behineko zigorra jaso zuten eta bik seina urteko espetxe zigorra bete beharko dute. Eta hau guztia erakunde politikoetan aktiboki parte hartzeagatik.
Ez da justua. Horregatik ezkutatu dira. Gertatzen ari den bidegabekeria salatzeko eta euren ahotsa entzunarazteko beste bitartekorik ez dutelako. Atxikimenduak jasotzeko estali dira; gureak eta beste askorenak. Guztion artean lortu behar baitugu epaiketa eta zigor politikoekin bukatzea.
Soldaduska geraraztea lortu genuen moduan; etxeak okupatu ditugu; lurra landu dugu; baso eta mendien txikizioa gerarazten dugu; Euskal Herriaren parte gara; festak antolatu eta ospatzen ditugu; monopolio informatiboari aurre egiten diogu; geure gorputz eta bizitzen jabe egiten gara; berdintasunarengatik borrokatzen gara; banketxei aurre egiten diegu… eta pertsonen eskubideak errespetarazten ditugu; pertsona libre edo espetxean izan!
Agian ez dugu Luis eta Xaporen atxiloketa ekiditzea lortuko, baina haiek eraman nahi badituzte geure buruen gainetik pasa beharko dutela argi esan nahi dugu. Luis eta Xapo ez dira terroristak. Euren inguruarekin konprometitutako pertsonak eta militante independentistak dira. SOC-eko militanteak, Julian Assange edo matxinatu greziarrak terroristak ez diren moduan.
Gure artean abertzaleak eta independentistak daude, baita abertzale ez direnak eta independentistak ez direnak ere. Eta gure diferentzia politikoak gaindituz, esan nahi dugu ziur gaudela Nafarroako gizartearen parte handi bat Xapo eta Luisekin dagoela. Kondenak astakeria direla pentsatzen dutenak asko direla.
Horregatik, Nafarroako pertsona intsumitu eta desobeditzaile guztiak deitzen ditugu urriaren 5eko manifestazioan parte hartzera. Manifestazioa eguerdiko 12ean Golem zinemetatik abiatuko da, eta “Desobedientziaz LIBRE bizi” leloa izanen du. Luis eta Xapo gurean ahalik eta denbora luzeena eman dezaten nahi dugulako.
Urriaren bostean Iruñea jendez beteko dugu; jendez eta musikaz eta alaitasunez. Urriaren bostean Nafarroa intsumitu eta desobeditzailea aterako gara kalera. Golem-etan goizeko hamabitan elkar ikusiko dugulakoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.