2013/08/28

HARRIZ HARRI, HERRIZ HERRI; TANTAZ TANTA, PORTUZ PORTU


Oporraldien hondarretan gaude, hastear dugu ikasturte berria. Gure herrian askotan gertatu den moduan, aurtengoan ere garai argigarria izaten ari da oinarrizko askatasunen egoerari dagokionez. Labur esanda, oporretan jarraitzen dute, gure herritik urrun. 
Bilboko txupineraren eta Laudioko pregoilariaren izendapenen ilegalizazioek, edo Estafetako Bostek greba orokorraren harira jasotako zigor judizial lotsagarriek, besteak beste, disidentzia ñimiñoena ere, adierazpen herrikoi oro, jopuntuan daudela berretsi digute. Alde honetatik, zaharrak berri.



Izan dugu ordea kontutan hartu beharreko urrats errepresibo berririk ere. Hilabetea igaro da Luis eta Xapo Barañaingo gazteak gordetzea erabaki zutenetik. Beraien egoera eta beste askorena ikustarazteko ezkutatu dira, Iruñerrian Herri Harresia eraikitzeko baldintzak sortzen laguntzeko asmoz. Gasteiz, Orereta, Bilbo, Donosti, Ondarroa… dinamika herrikoiak aurrera darrai. Askotan errepikatu dugu, guk pausu desobedienteak eman ahala beraiek pausu errepresibo berriak emango zituztela aurrikusi behar genuela. Eman dituzte jada. Iruñean eta Barañainen antolatutako agerraldi eta mobilizazioen kontrako isun ugari heldu dira. Barañaingo kaleak poliziaz lepo daudela salatu dute bertako lagunek. Luis eta Xaporen atxilotze aginduaren berri jaso zuten abokatuek… zigorraren berri izan aurretik. Are larriagoa, poliziak Barañaingo lagun baten etxea miatu zuen Luis eta Xaporen bila. Elkartasun desobedientea praktikatzeko prest egon daitekeen edozein herritar kikiltzeko asmoa zuten, ondo baitzekiten Luis eta Xapo ez zeudela bertan.
Egiten ari garen bidea eragingarria delako kolpatzen gaituzte, egia da. Baina egia da ere oraindik kolpe hauek merkeegi ateratzen zaizkielako jarduten dutela horren lotsagabe. Zer egin orduan? Gure aburuz, bidean sakondu. Desobedientzian, baina baita honen masibotasunean eta izaera herrikoian. Kolpe bakoitza, konpromiso desobediente sakonago eta masiboagoen pizgarri izan dadin. Azken finean, borroka desobediente arrakastatsu baten gako nagusietako bat, botere guneetan dinamikaren kaltetan pentsatutako errepresioa dinamikaren aldeko bilakatzean datza.
Iruñerritik soilik ez, Euskal Herri guztietatik eraiki behar dugu Herri Harresi zulakaitza. Harriz harri, herriz herri, eraikuntza lanen epizentroak biderkatuz eta intentsitatea handituz. Autoantolakuntza oinarri, desobedituz, amorrua eta maitasuna antolatuz, irudimenetik tiraka, tinko bezain samur. Irailetik aurrera biderkatu egingo zaizkigu horretarako aukerak. Deustuko grebalarien kontrako epaia izango dugu Bilbon, 35/02 prozedura abiatuko da Madrilen 36 pertsonen kontra, berdin 40 gazteren aurkako epaiketa ere. Euskal Herriko 43 herritan epaiketa hauetako auzipeturen bat dago, auzipetutako lagunen eta erasotutako eskubideen inguruan babesa antolatzeko deialdiak izango dira herriz herri. Adi, eta lanera.
260 lagun inguru dira oraindik epaiketaren edo epaiaren esperoan daudenak. Ehunka gehiago izango dira etorkizunean ere, herri presio nahikoa egiten ez badugu. Hau guztia ahalbidetzen duen salbuespen politikarekin amaitzen ez badugu, bidegabekeria hauek ez baitira inoiz iragan bilakatuko.
Irailaren 1ean, harri berri bat jartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu. Barka, tanta berri bat oraingoan, herri babesaren harresia urezkoa bilakatuko baitugu Donostiako portuan. Egun horretan, Ur Harresia irudikatuko dugu.
Auzipetu guztioi, auzipetuen delitua zuona egiten duzuenoi, delitua zuona egin gabe ere epaitegietan delitua dena egiazki eskubidea dela ulertzen duzuon guztioi, jokoan dagoena disidentziarako eskubidea bera dela ulertzen duzuon guztioi, eskubide horren defentsa egitea guztion ardura dela ulertzen duzuenoi, gero nork nahi duen norabidean praktikatu dezan –arlo identitarioan, sozioekonomikoan, hezkuntzarenean, kontsumoan, genero borrokan, lurraldetasunarenean, dena delakoan-. Zuoi guztioi luzatzen dizuegu Ur Harresia elkarrekin eraikitzeko gonbita. Udako sargori errepresiboaren aurrean auzipetuak eta eskubide zibil eta politikoak freskatu eta biziberrituko dituena, erasotzaileak konpromisozko olatuen azpian itoko dituena.
.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.