2011/09/16

Eskubide zibilen aldeko manifestua

Hainbat alderdi politiko eta sindikatu eta eragile sozialetako pertsonak elkartu gara manifestu honen inguruan, nork bere izenean sostengua adierazi nahi diogulako Iruñean heldu den urriaren 1ean eginen den manifestazioari. “Por las libertades políticas. Eskubide guztiak guztientzat” izanen da manifestazioaren goiburua, eta arratsaldeko bost eta erdietan aterako da Golem zinemetatik.
Ideia batek batzen gaitu: herri honetako pertsona guztiek dute eskubidea politika egiteko eta antolatzeko. Eta ezin diogu ez ikusia egin egoera honi: horrexegatik, politika egiteagatik, ari baitira atxilotzen, auziperatzen eta epaitzen pertsona batzuk.
Oraingoan, Iruñerriko hamaika gazte dira. Ehun eta hamar urteko kartzela-zigorra dago haientzat eskatua, Segiko kide izateaz akusatuta. Lehenago, Josu Esparzaren atxiloketa eta euroaginduaren eskaera, edo Askapenako kideen auziperatzea, gaur Bateraguneko epaia, eta azaroan bederatzi nafar gehiagoren kontrako epaiketa. Horiek denak argazki zaharrak dira, gure ustez gainditua dagoen garai bati dagozkionak, eta, gainera, traba dira gizartearen parte handienak egin nahi duen bidean.
Manifestazio honen alde egiten dugunok bakea eta normalizazioa nahi ditugu, pertsona guztion giza eskubideak eta, kasu honetan, jazarpena jasaten ari direnen eskubide demokratikoak errespetatzen diren eszenatoki bat. Eta gaur egungo kinka politikoan, beharrezkoa iruditzen zaigu, ezinbestekoa, Sortu-ren eta legez kanpo gelditutako gainerako erakundeen legalizazioa, eta gazteek erakunde politikoetan lan egiteko eskubidea errespetatzea.
Beraz, hemen gaudenok manifestazio honen alde egiten dugu, eta Nafarroako gizarteari bertan parte hartzeko deia egiten diogu, hasitako bidea sendotzeko eta bide hori trabatzeko edo atzera egiteko edozein ahalegin geldiarazteko.
Urriaren 1ean askatasun politikoen eta eskubide zibilen aldeko manifestazio plural handi bat eginen da, eta, bertan, sentsibilitate desberdineko milaka lagun elkartuko gara gauza bakar bat eskatzeko: “eskubide guztiak pertsona guztientzat”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.